Historia

Klubaren historia

1904ko abuztuaren 29an,

donostiar batzuek, D. Jorge Satrustegik buru zutela SAN SEBASTIÁN RECREATION CLUB izeneko elkartea sortzeko akta egin zuten, gizartean onartutako entretenimendu eta kirolak ezarri eta antolatzeko asmoz.

Lehenengo bi urteetan, Ategorrietan egon zen elkartea, Ulia mendiaren oinetan. Eta 1904an bertan, Teniseko I. Nazioarteko Txapelketa antolatu zuen, Txofreko zezen-plazan, donostiarrei tenisa ezagutarazteko.

Garai hartan, 42.500 biztanle zituen Donostiak eta jende asko etortzen zen hona uda igarotzera. Maria Kristina erregina, haren alabak eta haren hil osteko seme Alfontso XIII.a erregea Donostiara heldu zirenean, hiriak Estatuko hiririk kosmopolita eta udakoena izateko bultzada jaso zuen. Miramar jauregia eraikitzeko agindua eman zuen eta, kasinoarekin batera, Donostiako eraikinik adierazgarriena izan zen jauregi hori, urte luzez. Kultura handiko emakumea zen Erregina, artezalea oso, eta erabat integratu zen Donostiako idiosinkrasian. Hain zuzen ere, berari eman zioten hiriko I. urrezko domina. San Sebastián Recreation Club elkartearen ospakizun guztietara joaten zen; batez ere, 1906tik aurrera, urte horretan Ondarretara aldatu baitzituen elkarteak bere instalazioak, Miramar jauregiaren oinetara.

Kirolzale gazteen talde txiki bat, tenisean ez ezik, beste kirol askotan ere jardun zen: belar gaineko hockeya, futbola, kriketa, hipika, poloa, golfa eta atletismoa. Ategorrietako instalazioak txiki geratu zitzaizkienez, Merry del Val markesa-merkesek Aieten zeukaten Toki Eder lursaila erabili zuten tenisean aritzeko urtebetez, Ondarretan elkartearen instalazio berriak prestatzen zituzten bitartean. Gaur egungo Zumalakarregi etorbidearen eta Infanta Beatriz kalearen artean ezarri zituzten, eta 1906ko irailaren 8an inauguratu zituzten, Teniseko III. Nazioarteko Txapelketarekin. Hasieran bost tenis-pista zituen eta gero beste bat egin zuten. Seigarren horrek ikusleentzako harmailak eta guzti zituen, bai eta aldagelak ere, ur hotzeko dutxekin gizonentzat eta bainuekin eta ur beroarekin emakumeentzat.

Inguruan zeuden belardiak erabilita, zelai bat prestatu zuten, futbolean, hockeyan, kriketean eta errugbian aritzeko, eta zaldi-eskola jarri zuten, hipikan eta jauzietan aritzeko. Futbolean, Espainiako txapelduna izan zen Recreation Club taldea.

Elkarteko bazkide eratzaileen eta oinordekoen artean, amaiezina da askotariko modalitatetan nazioartean, olinpiadetan eta Espainian txapeldunak izan direnen zerrenda, barne hartuta Elkarteko lehenengo futbol-taldea, baita beste hainbat modalitate ere: hockeya, pilota, atletismoa, boleibola, eskubaloia, saskibaloia, hipika, poloa, igeriketa, errugbia, nautika eta kriketa. Elkartearen palmares luzean bada garaipen sonatu bat; hain zuzen ere, Ingalaterrako selekzioari 1910ean Kontxako badian irabazi zionekoa. Ingelesek uharteetatik kanpo izandako porrot bakarra izan zen hura, eta beren kirol nazionalean, gainera.

Mundu Gerraren ondoren, kirol olinpiko izendatu zuten tenisa, eta handitzen joan zen bere ospea. Garai hartan, oso ezagun egin zen Suzanne Lenglen tenislari frantses mitikoa. Estatu Batuetan tenisean txapelduna zen taldeak Ondarretan norgehiagoka egitea onartu zuen; hala, banakako txapeldun Vincent Richards eta haren lagun Norris Williams eta Watson Washburn tenis-jokalariek erakustaldia egin zuten, Espainiako Davis Kopako taldeko kide José eta Manuel Alonso anaien eta Eduardo Flaquerren aurka.

Mª Kristinaren bermeaz,

onostiako udaletxea eta bertako alkate D.Jose Elosegui negoziatzen aritu ziren zenbait ministeriorekin, bereziki Marinakoarekin, Ondarretako hondartzaren eremua urbanizatu eta edertzeko. Errege Agindu bidez, Ondarretako hondartzaren eremu batean betelana egiteko eskatu zioten Donostiako Udalari, bertan lorategiak eta tenis-pistak egiteko.

Udalak hitzarmena sinatu zuen Tenis Elkarte Erreal berriarekin, eta lursail horien usufruktua eman zion. Erreginaren emakida bidez, gaur egun duen izena hartu zuen elkarteak: Donostiako Tenis Elkarte Erreala; horrela, helburu-maila eta izen soziala lortu zituen tenisak. Beatriz eta Kristina infantek Elkartearen zenbait ekitalditan hartu zuten parte.

Ondarretako paduretan instalazio berriak inauguratzearekin batera, Espainian debekatu egin zituzten ausazko jokoak. Alderdi Ederreko Kasino Handia eta Kursaaleko Kasino Handi inauguratu berria itxita ikustean, uda Donostian ematen zutenek goi-mailako eta luxuzko bizimodua galtzen ez uzteko eskaera egin zuten. Tenis Elkarte Errealak, kiroletan zuen palmares bikaina alde batera utzi gabe, hobetu egin zituen bere aretoak, zerbitzuetan 22 langile gehiago jarri zituen, ekitaldi sozialak antolatzen hasi zen, eta ezkontzen, jendaurreko aurkezpenen, dantzaldien eta askotariko ikuskizunen agertoki bihurtu zen. Tenis Elkartea erabiltzeko eskaria handitzen joan zen; batez ere, Donostia bere Zinemaldi ospetsua antolatzen hasi zenetik.

1946an,

bi eraikin berri inauguratu ziren: bi solairuko bat, non aldagelak eta harrera zeuden, eta kontseilaritza. Oso ospetsua egin zen Juanita, pistetako erreserbak hartzen zituena. Elkarteko Santos Antolinez semea entrenatzaile ospetsuarekin zegoen ezkonduta, etorkizun handiko jokalariak prestatzen aditua.

50eko hamarkadan, arrakasta handia lortu zuen Manolo Santana tenislariak, eta Nazioarteko Junior Txapelketa irabazi zuen. Juan Carlos printzea zenbait partida ikustera etorri zen, patin-hockeya eta zaldiketa atsegin baitzituen, bai eta pilotalekuko pala, tenisa eta squash-a ere.

Elkarteak 1950ean antolatutako Espainiako txapelketan, Emilio Martínez izan zen garaile, eta Andrés Gimenok ere parte hartu zuen. 1955eko nazioarteko txapelketa Mulligan australiarrak irabazi zuen.

Garai hartan, Trouppe Kramer delakoak parte hartu zuen, munduko profesional onenekin: Pancho González, Pancho Segura, Toni Travert eta Jack Krammer. Berriz etorri ziren 60eko hamarkadan, Andrés Gimeno, Rod Laver, Lew Hoad, Stolle eta Emerson jokalariekin.

1967an, Espainiaren eta Australiaren arteko lagunarteko partida jokatu zen: Manolo Santanak Stolle garaitu zuen, Arillak galdu egin zuen Mulliganen aurka eta, binakakoan, Espainiako bikoteak irabazi egin zion Australiakoari. Elkarteko pistetan, beti egon ziren Davis Kopako jokalari ospetsuak: Couder, Arilla, Gimeno, Santana, Gisbert, Orantes eta Higueras, besteak beste.

Donostiako Tenis Elkarte Errealeko instalakuntzaren artean, ospe handia lortu zuen itsasoko ura zeukan igerilekuak 1954an eraikiak. Amerikako egunkariek sekulako laudorioak egin zizkioten; zalantzarik gabe, Zinemaldira etorritako atzerriko kazetarien eraginagatik eta, bereziki, Mel Ferrer aktorea eta haren emazte Audrey Hepburn egon zirelako.

Elkarteak igeriketako talde indartsua eta waterpoloko talde batzuk sortu zituen, eta igeri egiten ikasteko ikastaro asko sortu zituen ikastetxeentzat.

Arrakasta handia lortu zuen Txiki Tenis guneak ere. 1956an inauguratu zen, gazteak bertan elkartzeko, eta, tamainaz txikia izan arren, oso gogoko zuten bertako gazteek eta udatiarrek.

1945 eta 1975 artean,

Elkartea eragingarri garrantzitsua izan zen ikuskizunen munduarentzat, bereziki udako hilabeteetan, dantzari, abeslari, umorista eta orkestra garrantzitsuenak kontratatu baitzituen.

Nazioarteko Tenis Federazioak hala eskatuta eta 1968ko Davis Kopako kanporaketa egiteko, pista estalia inauguratu zuten, eta Manolo Orantes, Manolo Santana, Arilla eta Gisbert jokalariek estreinatu zuten, Arabiar Errepublika Batua zailtasunik gabe garaituz. Pista horri esker, beste ekitaldi garrantzitsu batzuk antolatu ahal izan dira; esaterako, Sofia Printzesaren Kopako azken fasea, zeinetan Italiak, Txekoslovakiak, Britainia Handiak eta Suediak jokatu zuten; azkenean, britainiarrek txekiarrak garaitu zituzten, 4 eta 1eko aldeaz. Txapelketa hori amaitu ondoren, beste batzuk jokatu ziren; esaterako, Nazioarteko LXV. Txapelketa, XXXV. Jorge Satrustegui Kopa eta Suchard Txokolatearen I. Sari Nagusia. Suitzako marka ospetsuak lotura estua zuen gure hiriarekin eta Antigua auzoarekin, eta ekitaldi asko babestu zituen.

Familia-bazkideen kopurua asko handitu zenez, Sagutxo Haur Elkartea sortu zen, bazkideen haurrei arreta emateko, haien jolas eta jarduerak zaintzen zituen monitore batzuekin

80ko hamarkadaren hasiera garai benetan latza izan zen elkartearentzat, Donostian udako etxea zuten familia gehienek baja eman baitzuten. Udalak Tenis Ondarreta Udal Fundazio Publikoa sortu zuen eta, horri esker, Tenis Elkarte Errealak aurrera jarraitu ahal izan zuen, txapelketak eta ikastaroak antolatzen. Elkarteak lau tenis-pista gogor zituen eta bi gehiago egin zituzten gero; halaber, lur harrotuzko beste bost eta estalitako pista zituen.

Udaleko osoko bilkuran hala erabakita, Kiroletarako Udal Patronatua hasi zen Tenis Ondarreta Udal Fundazio Publikoko instalazioak kudeatzen, Elkarteak bizirik irauteko, baina instalazioaren erabiltzaile soilak ziren, kudeaketa teknikorik gabe, tenis-ikastaroetan izan ezik, eta 850 bazkide galdu zituen.

1998ko martxoan,

zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratua sinatu zuten Donostiako Udalean. Hala, Kiroletarako Udal Patronatuaren eta Elkartearen artean kudeatuko zituzten Tenis Ondarretako kirol-instalazioak.

Lehiaketa publiko horri esker, Tenis Elkarte Errealean instalazioak zaharberritzeko obrak hasi ziren eta, eragozpen asko gainditu ondoren, martxan jarri ziren.

Zaharberritzeko proiektuak bi fase izan zituen: lehenengoan, pista estali zaharra eraitsi eta eraikin berria jarri zen, aldagela handiago eta modernoagoekin, bai eta hiru padel-pista, gimnasio berria, erabilera anitzeko bi areto, bi pilotaleku txiki eta kafetegia eta jatetxea ere. Fase hori 2003ko abuztuan amaitu zen.

Bestalde, instalazioak zaharberritzeko bigarren fasea 2004ko amaieran bukatu zen. Zehazki, 2004ko abenduaren 17an, ekipamendu berriak inauguratu ziren: bi tenis-pista estali eta kanpoaldeko bi padel-pista. Odón Elorza alkatea inaugurazio-ekitaldian izan zen, eta bertan Albert Costa eta Feliciano López tenislari profesionalek partida bat jokatu zuten. Horixe izan zen inaugurazioko jarduerarik erakargarriena, eta Elkartearen mendeurrenari amaiera bikaina eman zion. Gipuzkoako kirol-elkarterik zaharrena izateko ohorea duen honek, 2004ko abuztuaren 29an bete zituen ehun urte.

Zaharberritzeko eta eraikin berriak eraikitzeko obren ondoren, tenis-pista guztiak berritu ziren, hala gogorrak nola lur harrotuzkoak, eta piraguentzako biltegia sortu zen, Elkartean atal berri bati bide emanez: piraguismoa. 2006an, bulego berriak zabaldu zituen Villa Juanita eraikinean, bazkideei arreta hobea emateko xedez. Hala, atondoa ere zaharberritu zen; azken horretan, konponbide erraza duten arazoak artatzen dira eta idazkaritzan, berriz, denbora gehiago behar duten gaiak.

Azken urteotan, Elkarteak zabaldu egin du bere eskaintza eta atal berriak sortu ditu fitnessaren esparruan; halaber, aisialdiko eta kulturako jarduera multzo bat sortu du, bizitza soziala areagotzeko.

Baina oraindik ere egiten dira berrikuntzak ohiko jardueran; izan ere, 2007an, berreskuratu egin zen, hainbat urteren ondoren, Donostiako Nazioarteko Tenis Txapelketa, Challenger formatuan eta, gaur egun, ITF World Tennis Tour txapelketetako torneo modura.

Donostiako Tenis Elkarte Errealak ehun urtetik gorako historia du, baina inoiz baino gazteago dago, eta hazteko eta zabaltzeko irrikaz.

Nola iritsi

LAGUNDUKO DIZUGU ?

Entzuten dizugu.

Jar zaitez gurekin harremanetan.Email bat bidali edo telefonoz dei iezaiguzu.

rctss@rctss.com943 31 31 74943 21 59 81

    DONOSTIAKO TENIS ELKARTE ERREALAREN DATUEN BABESAREN INFORMAZIOA.Helburuak: zure eskaerei erantzutea eta gure produktu eta zerbitzuei buruzko informazio komertziala bidaltzea, baita posta elektronikoz ere.Legitimazioa: interesdunaren baimena. Hartzaileak: ez dago aurreikusita datuak lagatzea.Eskubideak: zure baimena edozein unetan ken dezakezu, baita zure datuak eta gainerako eskubideak ikusi, zuzendu eta ezabatu ere rctssctss.com-en.Informazio gehigarria: pribatutasun politika estakan informazio gehiago duzu.
    Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut.